Lerro hauen bidez, Erroa argitaletxea aurkeztu nahi dizugu, Zenbat Gara kultura elkartearen ekimenez eta bultzadaz, euskal letren baratzean erne den argitaletxea, hain zuzen ere.

Aspalditxo da Euskal Herriak —Euskararen Herriak, alegia— premiazko zituen guneak eta zerbitzuak sortzeari ekin ziola Zenbat Gara elkarteak. Horra hor, diogunaren lekuko, Bilboko Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia, Bakaikuko Etxea eta barnetegia, Bilbo Hiria irratia, Kurkuluxetan umegunea, Gazteola ekimena eta Algara konpartsa, besteak beste.

Zerbitzu horiek osatze aldera, Erroa argitaletxea sortu dugu. Liburugintza ez da, hala ere, langintza berria Zenbat Gararen barruan, gure elkartea aspaldi samarrean hasi baitzen euskararen irakaskuntzari eta, oro har, euskal kulturari loturiko liburuak argitaratzen. Alabaina, orain argitaletxe bati dagozkion eraketa, azpiegitura eta baliabideak prestatu ditugu, Erroa argitaletxeari bide emanez.

Xede bakarra ez badu ere, hein handi batean, inguruan dakusagun hutsune sakon bat betetzera dator Erroa argitaletxea: gazteek eta helduek euskara ikasteko eta literatura euskaraz irakurtzen hasteko material egokien beharra. Ingurumari horretan, Erroa argitaletxea Euskara errazean sailarekin ateratzen da plazara estreinakoz, euskara ikasleei eta euskaraz irakurtzen abiatu nahi duten lagunei literatura egokitua eta mailakatua eskaintzen dien liburu sorta ederrarekin, hain zuzen ere. Baina, arestion esan bezala, hizkuntzaren irakaskuntzari loturikoa ez da izango argitaletxe honen lan esparru bakarra. Esate baterako, Gogaide sailaren bidez, zirrikitu bat zabalduko die gure eta besteren gizarte ereduak hobetzen lagun dezaketen lan kritikoei, beti ere gogoeta sakona eta eztabaida jatorra oinarri hartuz.

Hitz laburrez esanda, Erroa argitaletxeak euskaldunen arteko komunikazioa du abiaburu eta helburu eta, komunikazio horretan etenik egon ez dadin, euskara erraz, garbi eta ulergarria erabiliko du argitalpen guztietan. Behiala esan zituenez geroztik 30 urte igaro diren arren, Erroa argitaletxeak bere egiten ditu oinarrizko euskararen aitzindari izan zen Imanol Berriatua maisuaren hitzak: «Literatura erraz hau behar-beharrezkoa da. Euskal Herrian bi milioi herritar euskaldundu behar ditugu, eta lagun horiei euskara erraza eman behar zaie, noski».

Erroa argitaletxeak argi dauka zein den bere egitekoa eta buru-belarri jardungo du lanean, helburu xume baina garrantzitsu hori gauzatzen has dadin.